domingo, 15 de noviembre de 2009

"Biziraungo dute hedabide oso boteretsuek eta txikiek"

Velez de Mendizabalen elkarrizketa

Eusko Ikaskuntzako gerenteak azpimarratzen du “gurea kultura txikia dela, eta horregatik praktikatu egin behar dugula”.

Kurrikuluma:
-Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga
-Aramaion jaioa 1949ko irailaren 27an
-Ekonomia eta Enpresa ikasketak
-Euskal idazle: Narrazioa, nobela, biografia,…
-Euskal Idazleen Elkarteko presidente (1985-1989)
-Eusko Ikaskuntzako kudeatzailea
-Eusko News-eko eragile


-Euskal Herrian bizi diren euskaldunak ez badira kapaz Euskal Herriaren egoera politikoari soluzio bat aurkitzeko, ze paper joka dezake euskal diasporak?

- Oso gutxi egin dezake. Hemendik diaspora mitifikatzeko ohitura dago. Hara joan behar da, eta bertatik bertara ikusi nola bizi diren eta ze sentimentuekin. Parte hartu dut berriki Euskal Herria Mugaz Gaindi jardunaldietako mahai-inguru batean. Bertan irakurri nituen Euskonews-eko Kosmopolita atalean argitaratutako artikulu batzuetako zati batzuk. Artikulu horiek diasporako hainbat lagunek idatzitakoak dira: Hango espektroa hemengoa bezain konplikatua da. Argentinan argentinarrak dira, eta askotan diaspora hitza errefusatzen dute: Eurak ez dira inolako diasporaren partaide, eurak argentinarrak sentitzen dira, edo amerikarrak Amerikako Estatu Batuetan.Obamak hitz egiterakoan, adi entzuten diote. Batzuek badakite Ibarretxe nor den, batzutan joaten zelako, baina amerikarrak sentitzen dira.Beste batzuk, ordea, hemengoak bezalakoak dira: Bakarrik euskaldunak. Horiek nahiko etsituta bizi dira, hemen bizi gaitezkeen bezala. Nik diasporan ez daukat esperantzarik, behintzat soluzio politiko bat lortzeko agente garrantzitsu bezala.

- Eusko News aipatu duzula, azaldu zer den mesedez?

- 1998an sortu genuen inbento bat. Eusko News hasieran nahi genuen Euskal Herriko informazio orokorreko aldizkari digital bat egin. Baina handik hilabete batzuetara ohartu ginen frustrazioen topagune bihurtzen ari zela.Izan ere, gai sozialak, ekonomikoak, politikoak,… argitaratzen bagenituen aldizkaria oilategi bat zirudien. Ez geneukan inolako aukerarik aurrera egiteko, eta gainera ez zetorren bat Eusko Ikaskuntzaren izpirituarekin. Horregatik zientzia eta kulturari eskaintzea erabaki genuen. Horrek daukan desabantaila guztiekin, zeren eta kultura eta zientzia saltzea ez baita batere erraza. Hori bai, Eusko News euskal kulturaren erreferente bat bihurtu da interneten. 200.000 irakurle dauzkagu mundu guztian. Hori erantzukizun ikaragarria da: astekaria denez, astero-astero erantzun bat eman behar zaie.Gu alde horretatik kontent gaude, jendearengandik fideltasun bat lortu dugu, zilegitasunezko label bat eman digu. Pentsatzen dugu Eusko News-ek bere funtzioa betetzen duela, askoz hobeto egin daitekeen arren. Mondraberrirekin gertatzen den bezala, bizi garelako esperantza daukagu gure bizitza hobetzeko.Eusko News era duin batean egiten dugu, ez da oso profesionala, baina kolaborazio guztiak musutruk egiten dira, eta horrek badauka meritua. Meritua da Eusko Ikaskuntzarena berarena, bertako milaka bazkideek musutruk egiten baitute lan.

- Eta Eusko Ikaskuntza ze da zehazki?

- Galdera egokiagoa litzakete “ze ez da Eusko Ikaskuntza?”. Nik jakingo banu zer den… Bisitariak etortzen zaizkigunean, bisitaren amaieran banatzen dizkiegu argitaratu ditugun azken buletinak, eta bost minutu ematen dizkiegu gainetik irakur ditzaten. Ondoren galdetzen diegu ea zer den Eusko Ikaskuntza, eta gehienek ez dakite argiro ze erantzun…Nik esango nuke totum revolutum bat dela, baina orden batekin. Garaian adierazi zuen herri honek zientziarekiko eta kulturarekiko zuen esperantza zela. 1918an sortu zen bi esparru horietan zerbait egin behar zelako. Eremu latza zen. Espainian unibertsitateak zeuden nonahi, baina hemen bat ere ez. Ez zen giro. Ez zen giro kulturalik, artistikorik,…18 urtez denetarik egin zuen. Gerraosteko 40 urteak isiltasunean igaro ziren, erbestean,… 1976an birsortu zenerako, herri honek bazeraman bere martxa, bazituen bere unibertsitateak, erakundeak,… Beraz, Eusko Ikaskuntzak bere burua kokatu behar izan zuen.Bazeuzkan indarra eta lorratza, baina ezin zuen egin beste batzuk jada egiten zutena. Horregatik, berrinbentatu zen. Inflexio puntu bat eman zen 1992an, Gregorio Monreal presidente izendatu zutenean.

Gregorio Monreal
EHU-ko errektorea izana zen, bekoki zabaleko pertsona eta ideiak garbi zeuzkan. Apustu ikaragarri ona egin zuen Eusko Ikaskuntza modernizatzen. Horretarako ni sartu ninduen, eta agindua eman zigun: Gaztetu ezazue erakundea.Denetik egin behar izan genuen: Erakundeko estatutuak aldatu, lan-esparru berriak bilatu,… Gaur egun funtsean ikerketa, prestakuntza eta dibulgazioa jorratzen ditu. Ikerketei dagokienez, ehun bekadun baino gehiago dauzka, esparru zabala ikertzen dutelarik: Zuzenbidea, folklorea, zinea, teknologiak,…Prestakuntza eta dibulgazioa lantzeko, 1996an argi geneukan internet zela gure erronka. Aitzindariak izan ginen internet bidezko prestakuntzan, eta Asmoz Fundazioa sortu genuen, hain justu, kurtso birtualak eskaintzen dituena mundu osoan zehar.Eusko Media Fundazioa ere sortu genuen dibulgaziorako. Argi geneukan ausardiaz eta profesionaltasunez dibulgatu behar genuela, betiere internet erabiliz. Eta asmatu genuen. Esparru horretan sortu genuen Eusko News, eta maisuak izan gara edukiak sarean jartzen.Horrek guztiorrek ekarri du Eusko Ikaskuntza izatea ezagunagoa interneten, kanpoan baino. Ez da harritzekoa, zeren eta internet bidez 30-40 kurtso eskaintzen baitiegu milaka ikasleri, eta munduko 40 unibertsitaterekin lan egiten dugu.Gainera, Euskal Herriko unibertsitate batzuekin akordioetara heldu gara, adibidez digitalizazioak burutzeko. Gure eta haien ekarpenak batzen ditugu. Horrek nazioartea erakartzea lortzen dugu. Euskal Herrian gehien bisitatutako weba gurea da. “El Diario Vasco” eta “El Correo” izan ezik, geurea da bisitatuena, askogatik gainera.

- Nola ikusten duzu Euskal Herrian kontsumitzen diren komunikabideen panorama?

- Munduan gertatzen den bezala: Bi mutur daude. Alde batetik, oso-oso boteretsuak direnak, agian biziraungo dutenak. Beste batetik, tokiko komunikabideak, hauek ere agian agoantatuko dute. Erdian daudenak jausiko dira.Jausi egingo dira paperezko egunkariak, ziur, galerak izaten ari direlako, papera ez baita errentagarria. Beraz, multimedia bihurtu beharko dira, baina horretarako diru asko behar da. Zeinek dauka kapazitate gehien? Antena 3-ek edo Tele Cinco-k? Antzerako. Ze ikusten da gehien Arrasaten: Goiena edo Antena 3 edota Tele Cinco? Ba seguruenik lehenengo Goiena, bertako informazioa eskaintzen duelako.Pertsona garen heinean, tokiko informazioa interesatzen zaigu, kalean ze gertatzen den jakin nahi dugu. Horregatik publizitate gehiago izango du Goienak beste biek baino. “El País”-ek agian agoantatuko du, beste batzuekin elkartzen bada. Hedabide txikiek, berriz, agoantatuko dute: Herritarrak behin Arrasatekoa jakinda, beste hedabide orokorrago batera jo dezake. Mondraberrik 1.500 bisita dauzka egunero. Hori proportzionalki konparatzen baduzu beste komunikabide batzuekin, Mondraberri jainkoa da.

- (?!)

- “El País”-ek agoantatzen badu, ez da izango bere paperezko edizioari esker, baizik eta bere edizio digitalari-eta esker. Hala ere, beste batzuekin batu beharko da seguruenik.

- Zelan ikusten duzu kulturgintza Arrasaten?

Mugimendua badago…- Bai, baina Arrasaten kultura konsumista dago batez ere. Hau da, maila apalago batean gara kultura sortzaile edo produzitzaile. Sofa gehiegi gustatzen zaigu: zarzuela ikustea, antzerkia ikustea,… Ez, ordea, proiektu horietan aktiboki parte hartzea.Arrasaten musikarekiko zaletasun handia dago, eta musikari handiak izan ditugu, errekonozimendu publikoa jaso beharko luketenak.Baina kultura praktikatu behar da, eta hori egiten dugunok/dutenek gutxi gara/dira. Egiten dena gutxi da, egin litekeenarekin konparatzen badugu. Nik ez dakit ze egin behar den helburu hori lortzeko. Formula asko eta asko aplikatu dira, baina pertsona batek nahi ez duenean, ez du egingo.Ez dakit gene kontua den edo bizi garen inguruneak eragindakoa, baina iragan mendetik ez da aldaketarik egon, eta ez dut ezkor izan nahi.

- Eta, oro har, zelakoa da euskal kulturaren osasuna?

- Arriskuan dago, hauskorra da eta erne ibili behar dugu. Txikiak gara eta inguruan erraldoiak dauzkagu, beraz gutxien espero dugunean jan gaitzakete, baina gu izango ginateke egoera horren eragile handienetakoak. Arazoa gugandik hasten da.Horregatik esaten dut kultura praktikatu egin behar dugula. Zertarako balio du euskarazko film bat ikustea edo Korrikan korrika egitea edo Kilometroak-era joatea, gero erdaraz hitz egiten badugu?Hori egiten da. Joan zaitez orain Herriko Plazara eta ea zenbat pertsona entzuten dituzun euskaraz hitz egiten…

No hay comentarios:

Publicar un comentario