Negoziaketak gora eta behera, azkenean Mikel Gonzalez arrasatearrak kontratua berritu du Realarekin, gutxienez, 2013. urtera arte. Atzelari txuri-urdina pozik dago erabakiarekin, hasieratik azpimarratu duen bezala, Realean gelditu eta 'taldea merezi duen tokira itzultzea' baita bere nahia.
- Negoziaketen ondoren, azkenean berriztu duzu Realarekin kontratua.
Bai, azkenean bai eta oso pozik nago. Nik hasiera-hasieratik esan dut Realean jarraitu nahi dudala eta klubaren eskaintza onaren aurrean, hementxe geldituko naiz gutxienez, 2013. urtera arte. Kontuan izan behar da futbolarion bizitza profesionala motza dela eta alderdi asko hartu behar dira kontutan. Halere, klubak momentu honetan duen asmo handiko proiektuan parte hartzeko gogoa daukat, hots, taldea lehen mailara igotzea eta bide batez, Reala, merezi duen lekura bueltatzea, lehen mailara, hain zuzen ere.
- Zelan sentitzen zara?
Eskaintza bat mahai gainean jarrita, lehenik eta behin norberarengan eta gertukoengan pentsatzen da. Nik eta denok egiten dugu hori. Zentzu horretan, oso pozik nago, nik nahi nuena egin dudalako, Realean gelditzea, alegia. Erabaki horrekin jendea pozik baldin badago, hobeto. Baina lehenengo gauza, norbera bere buruarekin pozik egotea da. Eta ni, halaxe nago.
- Zelan ikusten duzu aurtengo Reala?
Aurreiritzi askoren aurrean taldea ondo erantzuten ari da, momentuz behintzat, bakarkako lidertzan. Zuk esan duzun moduan, aurreiritzi asko dago eta komunikabideek orriak bete behar dituzte egunero-egunero. Halere, guk lanean jarraitzen dugu astero-astero gure lana ahalik eta hobeen egin ahal izateko eta partiduak irabazteko. Orain lidertzan gaude baina jakin badakigu denboraldia oso luzea dela eta oraindik asko falta dela. Itxura ona eman eta gozatzeaz gain, jendea gozarazten ikusteak ere motibatu egiten gaitu lehen mailara igotzearen helburuaren bidean.
- Ondo ari zaretenean bai, baina beste batzuetan zaleak oso kritikoak dira ere.
Denok dugu gustuko irabaztea eta astero-astero hiru puntu poltsikoratzea. Eta hori ez denean gertatzen, zaleak hasarratu egiten dira. Normala da. Gu ere Realekoak gara eta Reala maite dugu eta gauzak ez zaizkigunean ondo irtetzen gu geu ere amorratzen gara. Halere, gauza bat da kritikoak izatea eta beste bat, errespetu falta. Eta hori bai, ezin dela onartu.
Aitzitik, bigarren mailan egonda ere partiduak dauden bakoitzean Anoetan 15.000 zaletik gora biltzea harrigarria da, horrelakorik ez da leku askotan ikusiko. Horrek zaleak taldearekin daudela erakusten digu, Reala maite eta bizi dutela. Baina ezin da ahaztu guk, jokalariok, ere, koloreak bizi eta maite ditugula.- Aldaketa asko egon dira taldean (zuzendaritza, entrenatzaileak, taldekide berriak...) denbora gutxian eta jokalariak, egoera ezberdinetara egokitu behar izan zarete.
Futbolean orokorrean, eta bigarren mailan, konkretuki, aldaketak egotea ohikoa izaten da. Finean, emaitzak dira balio dutenak eta hauek onak ez diren momentuan, erabakiak eta neurriak hartu behar dira, ezinbestean. Ez dago pazientziarako paradarik. Orain, egonkortasuna dagoela dirudi, ekonomikoki ere kluba bera onbideratzen ari da poliki-poliki eta taldea ere, momentuz, ondo dabil.
-Itxaropentsu, Mikel?
Lehenengo bi urteak ez dira onak izan eta pentsatu nahi dut, urte 'txarrenak' igaro direla dagoeneko. Bigarren mailara jaitsi ginenetik helburuak bera izaten jarraitu du. Lehen bi urteetan ez dugu lortu eta espero dugu hirugarren honetan, azkenean, lortzea.
- Zer esango zenieke realzaleei?
Realzale diren guztiek nahi dute taldea lehen mailara igotzea. Halere, gogo eta ilusio horiek dituzten lehenak gu gara, jokalariok. Bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, taldea hartu genuen eta merezi duen lekura bueltatzea baita gure nahia.








No hay comentarios:
Publicar un comentario