´Denbora antolatzeko aukera dudan bitartean ez ditut lehiaketak baztertuko´
19 urteko arrasatearra dugu Uxue Otxoa. Publizitate eta Harreman Publikoko ikasketak egiten ari da Bilbon eta bere zaletasunen artean eskia ezin falta. Zaletasun gisa ez ezik denboraldi osoa ematen du bere taldearekin batera Candanchun entrenatzen.
-Noiz hasi zinen eskia praktikatzen?
Urte eta erdirekin fondo egiten nuen txupetearekin Somporten eta bi urterekin jada, gurasoek eskiak jarri zizkidaten. Txikitatik egon naiz lehiaketa munduan nahiz eta hasierako taldeen filosofia disfrutatzea izan.
-Zein eski-estaziotan eta noiz hasi eta noiz amaitzen da eski-denboraldia zuretzat?
Bizitza osoa Candanchun eman dut entrenatzen. Beraz, nire eski denboraldia estazioak bere ateak irekitzen dituenetik itxi artekoa da. Horrez gain, udaran Alpeetara joaten gara ekipokoak astebete, Les2Alpsera, eta goiko glaziarretan entrenatzen dugu. Soilik asteburutan entrenatzen dut eta baita edozein zubitan, oporralditan edo jaiegunetan ere.
-Denbora asko ematen duzu etxetik kanpo… zer da gehien botatzen duzuna faltan?
Denboraldia hasten denean ez dut ia denborarik igarotzen Arrasaten, astean zehar unibertsitatean eta asteburuetan, berriz, eskiatzera bainoa. Hala ere, zortea daukat, familiakoek ere eski mundua oso gustuko baitute eta bostok joaten gara astebururo pirineotara, besteak beste, anaiak eta ahizpa txikiak ere talde berean entrenatzen baitute.
Etxekoak baino, ia negu guztian ikusten ez ditudanak lagunak dira eta horiek bai botatzen ditudala faltan, asko gainera: arratsaldeko kafeak, parrandak… Bestalde, sei hilabetetan zehar maletak egiten eta desegiten ibiltzea ere nekeza da batzuetan, eta unibertsitateko ‘estres’a heltzen denean lasaitasun apur baten falta somatzen dut maiz. Izan ere, azterketak eta lanak egiteko garaia heltzen denean, ikasle eta gazte gehienek asteburuak dituzte lasai egoteko eta ondo planifikatzeko; nire kasuan, ordea, astean zeharreko erritmoari, asteburua gehitu behar diot.
-Azaldu apur bat entrenamendu saioak nolakoak izaten diren.
Egunero ezberdinak dira. Egun normal bat, goizeko 09:00etatik 14:00ak arte izan ohi da. Denboraldi hasieran jaitsiera luzeak egiten ditugu hankan, batez ere, gorputzak fisikoa sendotu eta forma har dezan. Gerora, dagoeneko, makilak pasatzen ditugu. Estaziokoek pista bat eskaintzen digute eta hiru orduz gelditu gabe gora eta behera ibiltzen gara. Atsedenak ere izaten ditugu, ura edan edo zerbait jateko eta azken bi ordutan, teknika lantzen dugu. Egun batzuetan grabatu egiten gaituzte, ondoren gure akatsak aztertzeko eta zuzentzen ahalegintzeko.
-Aurtengo denboraldia nola aurkezten zaizu?
Iazko denboraldiarekin alderatuz, batez ere, elur aldetik nahiko zail dator aurtengoa. Azaro bukaeran elurra egin zuen baina oso ohikoak ez diren tenperatura igoera bortitzek ia guztia eraman zuten. Estazioa abenduko zubian zabaldu duten arren, Candanchun behintzat, ez dago gozatzeko adina elur. Harri asko daude bistan, pista askotan berdeguneak daude eta elur artifizialarekin nahastuta ez da oso kalitate onekoa. Baina, orain dugunarekin moldatu beharra dugu.
-Lesioren bati aurre egin behar izan diozu?
Zortekoa naiz ez dudalako lesio larririk izan. Gogorrena duela hiru bat urte izan nuen. Astean zehar futbolean jokatzen nuenez, errotula biak minduta nituen eta horrekin batera, muskulu biki batean jasotako golpe batekin eskiko bost hilabete galdu behar izan nituen, baita txapelketak ere.
-Eskuratu eta ahaztuko ez duzun sariren bat?
Denak dira ahaztezinak, zaila baita podiumera igotzea. Egun, jubenil mailako azken urtean nago eta urtero bezala, gero eta zailagoa da lehen postutara helduta egotea. Ni Club Esqui Navarrako taldean nago eta asteburutan entrenatzen dugu soilik. Hala ere, gehienek egunero entrenatzen dute eta udaran ere hilabeteak ematen dituzte elurretan, beraz, ia urte osoa ematen dute eskiatzen. Alderaketa eginez gero, nik lau urtetan eskiatzen dudana beraiek urte batean egiten dute; beraz, gu oso atzeratuta gaude beti. Baina aurrean egotea ezinezkoa ez dela ere ikusten dugu eta horrek motibatzen gaitu ostiralero Candanchuraino hiru orduko bidaia egitera eta igandero Arrasatera bueltatzera.
-Zein da zure eski-estaziorik gogokoena eta zergatik?
Gogokoena, agian, Candanchu litzateke, muro eta aldapa zorrotzenak dituena delako, baina estazio moduan badaude hobeak. Andorrako estazio gehienek, esaterako, instalazio bikainak dituzte eta denetariko maldak aurki daitezke. Famatu diren Formigal edo Baqueira ez ditut oso gustuko paisaia aldetik nahiko eskasak, lauak eta pista luzedunak direlako. Frantziara ez dugu inoiz bidaiarik egin eta arraroa bada ere ez naiz inoiz bertako estazio bat berean ere egon.
Dudarik gabe, Pirinioetatik at, Alpeetako edozein estazio zoratzeko modukoa da eskiatzea gustuko duen edonorentzat. Hemen inguruan dugunarekin alderatuz beste mundu bat dira. Udaran, Les2Alpsen egoten naiz eta oso gustuko dut, baita Chamonix ere.
-Lehiaketetan sartuta, eskia afizionatu bezala baino gehiago ala gutxiago gozatzen da? Zergatik?
Lehiatzearen inguruan beti gauza positiboak daudela uste dut. Nik lehiakortasuna dut gogoko, baina nire buruari begira eta ez ondokoa irabazteko nola egin pentsatuz... hau da, nik nire eskia nola hobetu dezakedan jaitsiera denbora gutxiagoan egiteko. Hala ere, beste edozein kiroletan gertatzen den bezala, norberak momentuan duen egoerak asko eragiten du, bizitza pertsonalak asko irregula baitezake norberaren eskia.
Gu, Espainia osoan lehiatzen gara eta behin Suediara joan ginen. Eskiak mundua ezagutzeko aukera eman dit eta jende asko ezagutzeko aukera ere: katalanak, andaluziarrak, portugaldarrak, galiziarrak, frantziarrak, txiletarrak, argentinarrak, estatubatuarrak... Bestalde, Joku Olinpikoetan parte hartzen duten kirolariekin ere lehiatzen gara. Egia esan, horien ondoan egotea ohore handia da eta errespetu asko merezi dute.
Afizionatu bezala ezin da espainiar txapelketetan parte hartu, izen ematea eta federazioen agiriak oso kontrolatuta baitaude, baina noizean behin urte edo denboraldi bukaeran gurasoek edota estazioak berak antolatutako lasterketak dibertigarriak dira oso. Hala ere, ez dute aurretik aipatutako irteera ‘serioagoen’ heldutasun-maila bera ematen.
-Luze iraungo duen esperientzia bat izatea nahi duzu ala urteek aurrera egin ahala gogoak gutxituz doaz?
Lehiaketa mailari indartsu eusteko gogoak ez zaizkit falta, baina unibertsitatea, hurrengo urteko Erasmus aukerak… aurrean izanda, lehenago edo beranduago eskia alde batera utzi beharreko zerbait dela uste dut. Ikasketen lehentasuna argi izan dudan zerbait da beti, eta orain arte, denbora ondo antolatuta, biak batera eraman izan ditut aurrera.
Gure estazioan bertan, urteek aurrera egin ahala gero eta txapelketa talde gutxiago sortzen dira eta ezagutzen ditugun taldeetan gero eta kirolari gutxiago mantentzen dira. Izan ere, adin bat heltzen da non bizitza pertsonala (familia, lagunak, herrimina…) kirol mundua baino garrantzitsuagoa bilakatzen den eta jendeak amore ematen du. Nik, momentuz, guztiak batera egiteko denbora antolatzen dut (eskia, ikasketak, lagunekin parrandak…) beraz, horrela den bitartean, aurrera jarraituko dut.








No hay comentarios:
Publicar un comentario